Gobierno Vasco

HAUSPOA proiektuak Barrutialdeko hezkuntza proiektuan dauzkagun ildo estrategikoei erantzuteko aukera paregabea ematen du.

 

Ildo estrategiko bezala baina baita gure identitatea finkatzen duten lau berezitasun azpimarratuko genituzke, eskualdeari ekarpen handiak egiten dizkiotenak.

 

  • Kalitatezko hezkuntza oso eta aberatsaren eskaintza.
  • Historikoki Lanbide Heziketako ikastetxea izanik, arlo teknologia oso indartua dauka.
  • Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publiko eleanitza da Barrutialde. Azken 7 urteetan buru-belarri gabiltza euskara ardatz duen heziketa eleanitzean, bai DBH eta baita batxilerrean ere. 2016-2017an Lanbide Heziketan ere martxan jarriko da.
  • Urte askotako esperientzian oinarritua dagoen ikasleriaren aniztasunaren trataeran jartzen den arreta eta egiten diren plangintzak daude. Ikasleen beharrizanetara hobeto heltzea da helburua, arrakasta gehiago izan dezaten, bai akademikoki eta baita bizitzan ere.
  • Ikastetxea txiki da eta bere giro ona mantendu eta hobetu egin nahi dugu. Desberdinen talde batean partaide sentitzen eta sentiarazten, elkar ulertzen, errespetatzen eta elkar zaintzeko kultura garatzen irakatsi eta ikasi nahi dugu. Modu horretan sor daitezkeen gatazkak zein eguneroko bizitza era egokian bideratzea lortuko dugu, denon artean Barrutialde osatuz.

 

 

HAUSPOA proiektua, gure ildo estrategiko hauen bideari jarraitzeko tresna aproposak eskaintzen dizkigu. Denbora eta espazioaren antolamendu berriak, metodologia berriak bizi eta txertatzeko autonomia eta emaitzen eta hezkuntza kalitatearen hobekuntza sustatzeko aukerak eskaintzen baititu.

 

Urteak daramatzagu indartu beharreko ahuleziei aurre egiten, baina oraingoan pausu bat haratago joan nahi dugu. Orain arte, tutoreek banakako jarraipena egin diete ikasleei,behar izan duten ikasleek hezkuntza-indartzeko banakako plana diseinatu zaie, ikasgelan estrategia inklusiboak erabiliz eta irakasleri eta, hezitzaile eta PT-en inplikazioarekin. Gainera, ikasle hauentzat indartzeak atsedenaldi eta eguerdiko orduetan antolatu behar izan ditugu irakasle boluntarioekin.

 

Ikasleen gaitasuna eta jakin-mina asetu eta osatzeko aukera emango digu, ahalmen handiagoa duten horiei denbora gehiago eskainiz. Guztiak ala guztiak, bikaintasunerako bidean jarriz. Horretarako, eskola-orduak eta eskola bera, erabilgarri egoteko, antolamendua hobetu nahi dugu.

 

Bestalde, geografikoki, herri txikietako ikasleak goizean eskolaratzen dira eta arratsaldera arte ez doaz etxera. Eskola luzaroago zabaltzeak, paper garrantzitsua beteko luke, kulturgune, bilgune, kirolgune, bezala.

 

Herri txikietan askotariko biztanleria dago eta beraien artean, egoera sozio-ekonomiko onik ez dutenak ere. Etxe horietako ikasleek, legez duten eskubidea hezkuntza oso eta kalitatezkoa jasotzeko eman nahi diegu. Etxetik laguntzarik jaso ezin dutenengana heldu nahi dugu honela, laguntza hori eskolatik bideratuz.

 

Bai guraso, bai ikasle eta baita irakasleok aukera paregabea dela uste dugu. Hau guzti hau kontuan hartuta, proiektu honekin lortu nahi dugun helburu nagusia hau da:

 

Ikastetxearen Hezkuntza proiektuan adierazitako helburuak lortzea, antolamendu egokiagoak eskainiz, eskola esparrua eskola komunitate osoari zabalduz, denon artean eta denon partaidetzatik, kalitatezko hezkuntza eskaintzeko. Bereziki, ikasleek eskola arrakasta lor dezaten, bikaintasunerantz..

© barrutialde
Telefonoa: 946251143 | Fax: 946256922 | 015021aa@hezkuntza.net